jueves, 17 de mayo de 2012

Txangoaren hasieratik...txangoaren amaierara...




Ene, txiri-txiri maitea, zure izenak berak dioen moduan orain dela hile batzuk ozta-ozta hasi genuen bidea. Motxila aurre ezagutzez beterik hasierari ekin genion gogotsu, eta orain planteatutako pasarteak igaro ostean ,motxila askoz ere pisutsuagoa dela konturatu egin gara. 

Lehenengo momentuak gogora ekarriz,txango hasieran txiri-txiri taldekideok markatutako erresistentzia eta baloreei birplanteamendu bana eskaini diegu. Berri Txarrak talde nafarrak abesti baten zera dio: ni ez naiz aldatuko esan zuen kamaleoiak. Gorabeherak gorabehera, ikasi egin dugu gure izana eraikitzen duten faktoreak bere egin ditugula eta unearen arabera, erabilpen ezberdinak ematen dizkiegula, eta edozein kasutan ere, txandakatu ere egin ditzakegula. 

Bizitza, egoera anitzek sorrarazitako emozio, ideia, jakin-min, ezagutza, motibazioa, pentsamendu … eta abarren sorta delakoan gaude. Hortaz, bizitzaren zentsua ulertu ahal izateko guztiz beharrezkoa da gure izena ez ezik, izana ere ezagutzea.

Ikertu, arakatu,

Bizi, gozatu,

Zabaldu , Maitatu

Askatu , Arriskatu

Eta oso garrantzitsua gure burua maitatzen pentsatu!!!!



Baina, tira, itxi dezagun une batez instintu momentu hau eta jarrai dezagun buruturiko bidearen beste pasarte batzuk hausnartzen. Esan bezala, txangoaren inguruan galderaz beterik iritsi ginen:

Teknologia berrien zabalkuntza edo sustatze hain garrantzitsuak badira, zergatik ez da egiten mundu osoan? Posible al da informazio gain-metaketa? Zer gertatuko litzateke? …

Gure ezusterako, bidean aurkitutako bidaiari puntualek, zenbait galderen erantzunak eman zizkiguten. Baina, bai Ken Robinsonek, bai Manuel Moreirak, bai Emakume borrokalariek, bai borroka sozialek EHIGEk, baita Frederickek berak ere … MAKINA BAT GALDERA BERRI SORTARAZI ZIZKIGUTEN!!! Eta badakizue zer?? HORRETAN DATZALA BIZITZAREN MAMIA!!



“Erantzunik ez dut, galderak hamar mila” Berri Txarrak.

“ Sino tienes curiosidad esta muerto” Doctor Deseo.



Txiri-txiri maitea, gure abstrakzioan eta sormenean jaio zinen eta hile hauetan gure altxoan hezi zaitugu, baita zuk gu geu ere. Gure lanak eta esfortzuak tresna erreal bihurtu zaitu, baina ez edozelakoa; sentimenduak, ideiak, gogoetak , ilusioak … zure gorputzean tatuaturik dauzkazu.

Nahi edo ez , denbora aurrera doa eta honekin batera gure bizitza zeharkatzen duten behin behineko etapak. Hurrengo astetik aurrera, ene txiri-txiri kuttuna, zu elikatzeko modua zeharo aldatuko dugu. Baina,ez pentsa bertan behera utzi zaitugunik. Zure moduko tresna teknologiko askori izana eraikitzen jardungo dugu!!!!! Dastatu egin zaitugu eta oso pozik gaude gozaturiko bidearekin eta guk zurekin egin dugun moduan jende askok dastatuko zaituelakoan gaude!!!!!



Gogoratu, gogotik egiten dena ez duela akitzen!!









jueves, 10 de mayo de 2012

13. Saioa

 2012/05/10

Zerua beste nonbaiten dago

Asier, txiri-txiri kide eta atlhetic zale amorratuaren hitzak:

Gaur triste heldu gara unibertsitatera, ebaluaketa egiteko eta lana amaitzeko denbora eman digute baina lana egiteko gogoak ez ziren ikusten. Athletic ezinean aritu zen atzo gauean. Kostatuta haziko da berriz belarra Errumaniako Estadio Nazionalean gauean xurgatu dituen 15.000 zaleen malko gazien ondoren. Ilusioa kolpetik amildu da, egunik handiena behar zuena kalbarioa bilakatu da hasiera-hasieratik. Zerua Bukaresten zegoela sinetsita, erromesaldia prestatzen pasatu ditu azken asteak Athleticzaleak; Europarekin, eta bide batez, historiarekin kontuak kitatzeko unea iritsia zelakoan. Baina ez, Radamel Falcaok zapuztu du festa, urte luzez kostatuta eutsitako euforia atsekabe garratz bilakatu du; eta sentimendua, sufrimendu. Bilboko taldearen historia liburuak beste orrialde ilun bat du.

Madrilen izan beharko du, hiru aste barru, Espainiako Kopako finalean. Arantza ateratzeko aukera izango da, baina ez da erraza izango Athleticeko jokalari eta zaleentzat kontsolamendua aurkitzea. Nola irentsi halako txapelketa bikaina egin ondoren burumakur bukatzea? Nola azaldu Europa erdia liluratu, eta kontinentea ia konkistatu duen taldea saririk gabe gelditzea?

Errege kopan Jo Ta Ke!

Aupa Athletic! Athletic ala hil!



jueves, 3 de mayo de 2012

12.SAIOA

2012/05/03
Gaurkoan bai... guri dagokigu esperientzia aurkeztea! urduritasuna eta gogoak! Baino gure txanda heldu aurretik beste bi aurkezpen egon dira biak desberdinak eta biak oso interesgarriak!

-Bitxikeriak taldearen bitartez, aurreko astean grabatutako lip-dupa ikusteko aukera izan dugu. Guztiok gogo handiak genituen bideoa ikusteko eta egia esateko, grabatzeko izan genuen denbora eskasa kontuan izanik... ezinobeto atera da!

-Gaurko bigarren taldeak, tilikuk, eskola 2.0 ri buruzko lana aurkeztu du! Alde positiboak eta negatiboak aztertu ondoren aplikazio interesgarria azaldu dituzte antzezpena, azalpena eta bideo zatiak erabiliz. Oso lan polita eta erabilgarria egin dute izan ere, Site bat sortzen erakutsi digute, etorkizunean oso baliagarria izan daitekeen tresna bat.

-Eta azkenean... gure txanda heldu da! Txiri txiri-ren txanda. Egindako aurkezpenarekin gustora geratu gara. Kontzientzia lasai eta egindako lanarekin harro! Kostata aurrera eramandako lana izan den arren..eskertzekoa izan da gainontzeko klasekideen partetik jasotako erantzuna! MILA ESKER!




-Eta amaitzeko... azken aurkezpena aparkamintxuk taldearen eskutik. Mugikorrak ikasgelan izan dezakeen erabilgarritasunari buzuko aurkezpena egin dute. Askok inoiz pentsatu ez dugun zeozerri buruzko aurkezpena izan da izan ere, gutxik ikusten genituen mobilak gelan erabiltzeko tresna bezala eta Aparkamintzuk egindako lanari esker ideia hori aldatu zaigu.

Orain bai, aurkezpenak amaitu dira baino horrek ez du esan nahi lana amaituta dagoenik! Orain, jasotako informazio guztia batzea dagokigu. Modu honetan, edukiak barneratu ahal izango ditugu.
Horretaz aparte ebaluazio garaia heldu da eta horretan denok hartuko dugu parte...ideia ezinhobea!
Baina gogoratu... oraindik lan asko dago egiteko! ANIMO!

11.SAIOA

2012/04/26
Hau bai dela teknologia berrietako klasera gogoekin etortzea! Nabaritzen da, esperientzien aurkezpen garaia dela. Ikaskideak gogoz eta alai gaude. Aurkezpena egin behar duten taldeen urduritasuna gainontzekoen jakinminarekin nahastuta giro ezinhobea topatzen dugu klasean.
Gaurkoan, lau esperientzia ezagutzeko aukera izan dugu.


- Sarean jolasean taldeak, eskola 2.0 proiektuaren gaineko aurkezpen ezinhobea egin dute! Oso aurkezpen dinamikoa egin dute eta lotsa alde batera utzita, abesti eta antzezpenaren bitartez giroa alaitu dute.


-Magistekno taldeak sare sozialen erabilpen alternatibo bat aurkeztu digu. Sare sozialak hezkuntzan badaukatelako aplikatzeko modua!


-Sare sozialetan nabigatu ostean...bidaiatzea tokatu zaigu! Portafolioen erabilpenaz jabetzeko bidaia egin dugu lamieneskatzak sortutako eta hegazkinez ezinhobeto girotutako aurkezpen baten bitartez.


-Gaurko aurkezpenekin amaitzeko, atzekoek, irakasleen prestakuntza digitalaren gaineko aurkezpena egon da. Klaseak emateko orduan egin behar ez dena erakutsi digute oraingo honetan...lehenengo pertsonan sentitu dugu aurkezpen monotono batek sorrarazten dituen sentzazioak. Eta hau jakin ostean...klase dinamiko eta interesgarriak sortzeko proposamenak aurkeztu dizkigute.


Benetan egun probetxugarri eta interesgarria! Datorren asteko aurkezpenak ikusteko irrikitan geratu gara...

miércoles, 2 de mayo de 2012

10.SAIOA


2012/04/19 10.SAIOA


Iritsi da eguna!!! Lan eta lan gozatuz eta sufrituz egon ostean, gure esperientziak aurkezten hasteko fasean murgildu berri gara! Egun bitxia dugu gaurkoa; alde batetik denok batera arituko garelako, mateko ordutegia moldatu baitugu, eta bestetik , besteon lanak ezagutzeko jakin-mina pil-pilean daukagulako!!!

Honez gero, gaurkoan, bi esperientzia ikusteko aukera izan dugu. BlogeroenBretxa Digitala esperientziarekin hasi gara. Aipatzekoa da, honen ostean, hurrengo esperientzia  lipdub  baten grabaketan oinarritzen dela. Hau dela eta, aurreko kideak euren lana aurkezten egon diren bitartean, uste dugu, gainontzekoen arreta  eta errespetu maila ez dela egokiena izan. Hala eta guztiz ere, egoerari aurre egin eta ederto baten jardun egin dute!

Bestetik, lipdub grabaketan bizi izandako uneak itzelak izan ziren. Bitxikeriak taldeak antolatuta, dantzatu, korrika, barre egin, abestu, elkarri ukitu, jolastu … eta hau guztiau  5 minututan burutu egin zen! Ikaragarria ezta? 


viernes, 30 de marzo de 2012

9. SAIOA


2012/03/29 9.SAIOA
Ostegunean ez genuen klaserik izan, greba orokor bat zegoelako iragarrita egunhorretarako.


GREBA OROKORRA MARTXOAREN 29AN

Espainian 111 manifestazio iragarri ziren eta hamar milaka pertsona kalera irten ziren haien eskubideak aldarrikatzera.

Euskal autonomi erkidegoan ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatu abertzaleek greba orokorra deitu zuten martxoaren 29rako, EAEn eta Nafarroan, Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren aurka. Erreformaren kontra protesta egitea ez ezik, "Euskal Herriaren eskubide sozialak eta laboralak" defendatzea izan zuten helburu.

Finantza-erakundeek eta Europako instituzioek Zapateroren gobernuari inposatu dioten neurrien artean, lau urtetan 50.000 milioietako murrizketa suposatuko duen herstura programa dago. Dagoeneko 15.000 milioietako murrizketa egin da, funtzionarioen soldatak, inbertsio publikoa eta pentsioak kaltetuz. Hau, dagoeneko onartu den lan erreformari gehitzen zaio eta, aurrerantzean izango diren jubilazioaren atzerapenari eta Aurrekontu Orokorren murrizketa berriei.

Baina neurri hauek arlo politikoan adierazten dutena Europar Batasunak eskatzen duen aurrekontuen murrizketa baino askoz zabalagoa da. Lan erreforma langileen antolaketa deuseztatu nahi duen prozesu sakonaren hasiera baino ez da, negoziazio kolektiboa erabat baliogabetu nahi duena.

Gobernuak eta patronalak orain ezarri nahi dituzten neurri batzuk enpleguari buruzkoak dira (kontrataziorako sariak, enplegu eskaintzaren kudeaketaren pribatizazio partziala); kontratu moten aldaketak (ikasketa eta praktiketarako kontratuetan); lanaren antolaketaren malgutasun handiagoa (lekuz aldtzeko edo lan baldintzak nabarmen aldatzeko aukerak patronalaren esku) eta batez ere lan harremanaren amaierari eta kaleratzearen merketzeari dagozkienak.

Labur esanda, langileen eskubideak babesteko berme legalen desagerpena dakar lan erreforma honek.










8.SAIOA

2012/03/22 8.SAIOA

Aste Santurako pare bat saio falta direlarik, aurre-iritziekin apurtzeko ariketa proposatu zaigu. Izan ere, Steve Jones, Aplee konpainiaren sortzailea, Kaliforniako Unibertsitatean eskainitako hitzaldia ikusi izan dugu. Gure ezusterako, politikoki zuzenak diren diskurtsoak alde batera utzita, bere bizipenen eta ikaskuntza pertsonalen inguruan aritu izan da. Maiz, mota hauetako konpainiak, berekoikeri eta gehigikeriarekin baino ez ditugu erlazionatzen eta gaurkoan, Stevek lekzio ona eman digu.





              Izan ere, izenak ez du izana egiten!!!!!

jueves, 15 de marzo de 2012

7.SAIOA

2012/03/15  7.SAIOA

Saioa EHIGE gursoen elkarteak plazaratutako artikulu bat irakurtzen hasi dugu. Bertan, Juan Amodia De la riva psikologoa sormenari buruz mintzatu egin zaigu.Kreatibitatea gizaki orok ikasi beharreko jarrera omen da. Baina, zelan lortu ditzakegu langile kreatiboak, eskoletan jasotzen dugun heziketan ez bada sormena lantzen? Hori dela eta, behin eta berriz esperimentazio eta askatasunari buruz hitz egin digu. Haurrek, gaitasunak, trebetasunak zein kontzeptuak garatu eta bereganatu ahal izateko haien burua eta esperru fisikoa ulertu behar dute. Izan ere, Ausubelen hitzak gogora ekarriz, ikasten ikasi beharra dugu, horren ostean, goranzko hazkuntza dauzkaten eskemak eraikiko ditugularik. Ekin dioeziogun bada, kontzeptuak metatzeari baino, azken hauek sakonki ulertu eta praktikan jartzeari!!!


Espazioan galtzeko aukera ere agertu zaigu. Alaitzek, eskolako esparru fisikotik haratago joateko bidea eskaini digu. Hau guztiau aurrera eraman ahal izateko bi kanta jarri dizkigu, eta honekin batera, hausnarketa-galderak proposatu ein dizkigu, horien artean:



-Gogoratu itzazue zuen erresistentziak eta baloreak.

-Zure gorputzeko zien atal eskiniko zeniekete,zergatik?

-Norekin eta zerekin erlazionatzen dituzue? 
           .....

Erantzunak norberak bere golkorako gorde izan ditu, hori dela eta, ariketari xarmangarritasuna kendu nahi ez diogularik guk ere gure barnean utziko ditugu!!!


INDOMABLES martxoak 8



Unibertsitatean egondako "Indomables" dokumentalaren aurkezpena aprobetxatuz, ondorengo laburpen bideo hau montatu dugu zuzenean ikusteko aukera izan ez zenutenontzat! zuen gustokoa izatea espero dugu!

MARTXOAK 8



2012 urtea ere, aldarri urtea dugu. Makina bat gizarte arazoen artean, emakume eta gizonen arteko genero ezberdintasuna daukagu. Gaur, Martxoak 8, emakumearen eguna ospatzen eta aldarrikatzen dugu. Baina, orainaldi eta etorkizun orok jatorri bat duelakoan gaude. Hortaz, garai ezberdinetan emakumearen borrokak utzitako aztarnak aztertzea erabaki dugu. Hasteko egun honen iturburua zein den jakiteak jakin-mina sortarazi zigun. Hori dela eta wikipedia entziklopedia askera jo genuen honako hau aurkituz;


1908an New York-eko fabrika batean 146 emakume langile hil zirelako ezagutzen dugu gehienok martxoaren 8a. Protestatzen ari ziren soldata miserableak eta oso lan baldintza txarrak zituztelako eta jaurtiki zizkieten suzko bonbek izugarrizko sutea eragin zuten.


Hala ere, zenbait historialariren iritziz, gogoratzen dena ez da 1908ko1909ko irailaren 27an gertatutakoa, baizik. Badirudi New York-eko 20.000 langilek, gehienak emakumezkoak, 13 aste iraun zuen greba egin zutela. Sufrimendu latza jasan zuten, gosea, atxiloketak, despidoak..., baina eskariak betetzea lortu zuten. 1909ko martxoaren 8an berriro konbokatuko zen manifestaldia, hobekuntza gehiago eskatuz. gertaera,


1911n Triangle Shirtwaist Company-n gertatutako suteak oihartzun ikaragarria izan zuen AEB-etan, bertan hil ziren emakumeak aurreko urtean lehen emakume greba egin zutenak izan baitziren, lanerako baldintza hobeak eskatzen zituztenak, alegia.


Hau irakurri ostean argi eta garbi geratu zitzaigun nola gaurko eguna ez dion soilik emakumearen egunari erreferentzia egiten,izan ere, askoz ere sakonagoa baita. Emakume eta gizonen arteko ezberdintasuna maila sozial ezberdinetan aldarrikatu daiteke, baina, egun honek proletalgoaren klase sozialean kokatzen da.


Bestalde, egunari jarraipena emanez, ikasleen sindikatuak unibertsitatean bertan kale-jira eta tailer batzuk antolatu zituen. Bertan parte-hartzea gustatu izan bailitzaigun ere, derrigorrezko klasea izan genuen. Horren ostean, teknologia berriak lan ordua “Indomables:una historia de mujeres” dokumentala zuzendariaren presentziarekin ikusteko aukera eskaini ziguten. Ekitaldiari hasiera emanez, Dora Iglesiasek bere tesiaren inguruan mintzo zitzaigun, zeina dokumentalaren gai berean oinarritzen zen; garai batean Espainian sorturiko “Mujeres libres” talde anarkofeminista. Zintzoak izanik, gure ustetan, neska honen hitzaldia oso astuna izan zen. Izan ere, informazio eta datu mordoak bota zituen 60 minututan zehar, inongo etenik egin gabe. Horrez gain, gure aburuz, garrantzitsuena ez zen gai honen inguruan ahalik eta informazioa gehien lortzea,baizik eta bertan egon ziren ideien eta mugimendu sozialen gainean hausnartzeko bideak ematea. Baina,beno, harira joan gaitezen, eta komentatu dezagun dokumentala ikusi ostean jasotako informazio zein burutazioak:


Borroka sozialetik abiaturik, emakumearen askatasuna aldarrikatzeko elkartea. Izan ere, iraultza libertarioa gauzatu ahal izateko,besteak beste ;gizaki ororen independentzia ekonomikoa, eskubide eta betebehar berdintasuna, generoenganako autoritate eta sexu ezberdintze eza … eman beharko lirateke. Talde honen helburu nagusia emakume langilearen emantzipazioa eta askatasuna zen. Gizon eta emakumeen arteko berdintasun ekonomiko, politiko, sozial zein kulturala. Halaber, gizarte mailako aitortza hau lortzeak lan mordoa zekarren, hortaz, zenbait helburu ezarri zituzten :emakume langilearen askatasuna, esklabotasun ignorantziarekin bukatzeko emakumeak alfabetatzea, askatasun sexuala, emakumearen formakuntza profesionala … Urratsez urrats, aurrerapauso nabarmenak egin zituzten; gero eta emakume alfabetizatu gehiago, mugimendu sozialaren aldeko borroka feminista sustatu, emakumeak arlo sozial zein politikoan murgiltzen hasi ziren, emakumeen aldizkari propio kaleratu... etab. Zoritzarrez, erregimen frankista iritsi zen, eta honekin batera, elkarte honen partaide aktiboek indar errepresibotik alde egin behar izan zuten. Azken honek, taldea guztiz deseginarazi egin zuen. Honez geroztik, beste horrenbeste urte igaro izan dira, baina, elkarte honen sustraiak ez dira ezerezean geratu, izan ere, mota honetako mugimendu zein ideiek hiltzailerik ez daukate. Azkenik, bideoan bertan azaltzen diren pertsona esanguratsu batzuen izenak aipatu nahiko genituzke,horien artean, Lucia Sanchez Sarnoil, Concha Lian eta Soledad Estorach.


Ordu biak aldera, ekitaldia bukatu egin zen eta unibertsitateko ikasle askok egun honen parte hartzeko beste zenbait ekintza burutu zituzten,horien artean, unibertsitateko paretak sinbolikoki apaintzea. Antza denez, zuzendaritza taldeari askorik ere ez zitzaien gustatu, hori dela eta, apaingarri berriak estali egin zituzten.

Egunari amaiera emanez, Bilbon zazpi eta erdietan Arriagatik hasitako manifestazioa egon zen. Bertan alderdi politiko zein sindikalek parte hartu zuten, azken hauek manifestazioaren antolatzaileak izan zirelarik.

jueves, 1 de marzo de 2012

5 eta 6. SAIOAK

2012/ 03/01 6.SAIOA

Ken Robinsonen bideo interesgarri hau ikusi dugu:


Aurkezpenaren formato originalaz baliatuz, kontzeptu mapa bat sortu da gaur egungo hezkuntza sistema azlatzeko aitzakiarekin.
Irudiekin batera, hezkuntza sistemako ohiturak kritikatzen dira. Gizarte sistema anakronizatu hau aldatu beharrean gaude ikasle bakoitzaren ezaugarrietara moldatuz eta iraganean segoen indusrti iraulatzako ideia ahaztuz.
Oso garrantzitsua iruditu zaigu baita ere pentsamendu dibergentearen gainean egindako hausnarketa hori izan behar delako gure ikasleetan baloratu behar dugun gaitasun garrantzitsua.




2012/02/23     5.SAIOA

Gaur, ume txikien bezala hasi dugu Saioa. Alaitzi hainbeste gustatzen zaion Federic ipuina irakurri digu ahoz gora. Ipuin honen oinarria, taldeko lanaren garrantzia izan da, bakar batek egiten duena, taldearentzako kalte edo onuragarria izan daitekeela, alegia.

Aurreko astean zehar irakurritako testuaren gaineko zenbait ariketa bakarka egin behar izan ditugu.   Eta bakoitzaren lana kontuan izanik, taldeko ondorio batzuk atera ditugu; hona hemen adostutakoa:

“Introducción a la tecnología educativa”
Manuel Area Moreira

Hitz gakoak:
·         Hirugarren iraultza industriala.
·         Komunikazioa.
·         Kapitalismoa.
·         Globalizazioa.
·         Informazioa.
·         Digitalizazioa.

Galderak:
·         Teknologiak ez dira globalizazioaren errudunak?
·         Teknologia berrien zabalkuntza edo sustaketa hain garrantzitsuak badira, zergatik ez da egiten mundu osoan?
·         Posible al da informazio gain-metaketa? Zer gertatuko litzateke?
·         Onurarik ahal izango luke hizkuntza gutxituen zabaltzean? Ba al dauka?
·         Teknologia berriak hezkuntzan sartzea ona ala okerra izango litzateke?
·         Teknologia berriak hezkuntzan integratzean, irakaskuntza metodoak aldatu behar dira rol berriak emanez, baina nola?
·         Ze puntu-arte da egokia betiko materia didaktikoa desagerraraztea?

Sintesia
Gaurko gizartea industriala izatetik informatikoa izatera dagoen prozesuan aurkitzen da. Teknologiak ez dira globalizazioaren kausa, baizik eta prozesua arintzen duten motore bezala. Informazioz beteriko inguruan bizi gara, hala ere, ingurune guztiak ez dira horrela. Baliabide pertsonalen eta materialen arabera teknologia berrien tresnak izan ditzakegu ala ez.
Honekin bat, analfabeto teknologiak sortzen ari dira teknologia digital berrien kopurua oso arin handitzen delako eta haiekin bat, kontzeptu gehiago sortzen direlako.
Hau gizarte osoan ematen ari da, eskolak barne. Horregatik, teknologia digitalen inguruko irakasgaia eta ezagutzak sartu behar dira hezkuntza sisteman. Beste era batera esanda, hezkuntzarako teknologia (“Teknologia Educativa”) sartu behar da diziplina pedagogiko moduan.

4.SAIOA


2012/02/16  4.SAIOA

Jakina denez, hurrengo astean emakumearen nazioarteko eguna ospatzen da. Honekin batera, unibertsitateko gizarte zientziak sailak berak bideo emanaldi bat antolatu du: Mujeres Indomables. Kontua da, azken honen aurkezpena saio honen ordu berean izango dela. Hori dela eta, teknologia berriak emakumearen gaiarekin uztartzea erabaki dugu.Hortaz,  norbera teknologia berriez baliatuz, gaia honetan esanguratsuak  ikusten dituen puntuak proiektatuko ditu.

Bestalde, Ken Robinson en bideoa ikusi egin dugu. Orokorki esanda, hezkuntzak bizi duen gabeziez, kezkez, erronkez eta irtenbidez mintzatu egin da.  Bertan motibazioa, sormena, medikamentuak, informazioa, ilustrazioa garaia … puntuak jorratu egin ditugu zeinak bitxikerien atalean sakonki hausnartuko ditugun …

3.SAIOA


2012/02/16  3.SAIOA

Gaurkoa, hasiera batean, eztabaida eguna izan da. Lehengo praktikaldian, desadostasunak eta urduritasunak egon dira; honen ondorioz, saio teorikoan gertatutakoari buruz aritu gara eta honekin nahiko denbora egon gara.
Denbora galtzea dirudien arren, arazo hauei buruz hitz egitea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Gainera, nahiz eta gu arazoan ez garen egon, talde bat garenez edozein egoera ikasteko aprobetxatu dezakegu.
Behin gatazka argituta, lasaitzeko momentua heldu da, bakoitza bere buruarekin egoteko eta hitz egiteko momentua hain zuzen ere. Lagungarri moduan Ludovikoaren pianoaren melodia izan dugu.
Gelan sortutako giroa ezohikoa izan da baina eroso eta baliagarria gure barnearekin lasaitasuna lortzeko.


Jarduera honen zergatiari buruz galdetzen diogu gure buruari: Zein nolako erlazioa sortu dezakegu honen eta IKTen artean?
Agian, IKTek ere, bere alde humanistikoa eta pertsonala daukatela izan daiteke…

Gure praktikaldi saioa heldu eta gaurkoan bai, Bloga sortu eta lehengo pausuak ematen hasi gara!

Ostegun hau… bai zoramena!




2.SAIOA

2012/02/09   2.SAIOA  

Gizarteak berak sustaturiko lan egoera latza salatzeko eguna dugu gaurkoa. Zenbait eragile sindikalek bultzaturiko lanuztearekin bat egin dugu. Hortaz, lauko taldeak osatzeko denbora baino ez dugu izan. 

1.SAIOA


2012/02/02. 1.SAIOA

Teknologia berriak ikasgaia hasi dugu!
Gaur aurkezpen egun izan da eta ikasgaiarekiko lehenengo hurbilketa bat izan dugu.
Ikasgai berri baten aurrean beti ditugu bai erresistentziak baita baloreak ere eta ikasgai honetan ez da gutxiago izan.

Arrazoi honengatik, honen inguruko jarduera bat proposatu digute: “erresistentzien eta baloreen jarduera”
Balore eta erresistentziak agertzen ziren zerrendak izan ditugu tresnatzat. Bakoitzetik bost hitz gako aukeratu behar izan ditugu; gutariko bakoitzak IKTen gainean dituen sentimenduak kontuan hartuz.

Bakarka egin ostean, komunean jarri ditugu eta hauek biek izan dute arrakastarik handiena:
-Erresistentzia: Porrotari beldurra gainditzea
-Balorea: Konfiantza indartu.

Baina nola? Aurreiritziak kenduz eta gauza errazenetatik zailenetara bideratuz.
Hauek, taldean erabakitako bi elementuak izan dira, hala ere, gure taldeko partaide bakoitzak bere aukeraketa egin du.

Amaiur:
Erresistentzia: Enbarazuari  beldurra
Balorea: Baikortasuna

Maite:
Erresistentzia: konparazioa
Balorea: Askatasuna

Haizea:
Erresistentzia: Aldaketari beldurra
Balorea: Jakinmina

Asier:
Erresistentzia: Hutsegiteari beldurra
Balorea: Zoriontasuna

Egindako ariketa honek, gure burua, gai honen inguruan, zelan ikusten dugun jakiteko balio izan du. Puntu hauek kontuan harturik, hemendik hasiko gara gure IKTaren gaineko formakuntza bidea!









jueves, 16 de febrero de 2012

AURKEZPENA

Kaixo jentia!!!Ongi etorri gure txokora!
Asier, Amaiur, Haizea eta Maiteño gara!!
Kontu hauetan hasi berriak gara, eta txiri-txiri arituz aurrera egiteko asmoa dugu!
Pazientzia, osasuna eta plazerra!

Behin gure izenak ezagututa, hona hemen gure aurkezpen orriak: